XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Europar sozialistek ez dute paktatuko komunistekin.

PARIS (Efe).

- Frantzia, Italia, Portugal eta Espainiako alderdi sozialisten buruak Frantziako hiriburuan bildurik izan ditugu.

Alderdi horiez, eurosozialistak direla esan ohi da orain.

Ez dute inolako paktorik eta itunik egingo alderdi komunistekin.

Halaz guztiz ere ez zuten postura baterakoirik hartu nahi izan.

Francois Mitterrand, frantses alderdi sozialistaren idazkari nagusiaren esanak hobetsiz, talde sozialista bakoitzak ikusi beharko du eurokomunistekin paktorik egin edo beroiekin nolako estrategiaz joka.

Beroiek aditzera eman dutenez, tristea da lau nazio horietan ezkertiarren artean gertatzen dena.

Milioika langile ezkertiar dira, baina, beti elkarri mokoka.

Halaxe gertatzen da, leku askotan, komunisten eta sozialisten artean.

Bettino Craxi, italiar alderdi sozialistaren idazkari nagusiak aditzera eman zuenez, Europa Hegoaldeko alderdi komunistak bitara ari dira: frantsesa eta portugesa sovietarren aldekoak edo dira; italiarrak eta espainolak, Moskutik urrutixeago bizi dira aski autonomo izanik.

Francois Mitterrand, Bettino Craxi, Mario Soares eta Felipe González batera etorri ziren puntu askotan, hala nola Madrilen ospatu behar dela Seguritate eta Kooperazio Bilera defendatu zutenean; halaber, hitz gogorrez gaitzetsi zuten Afghanistanen sovietarrek egin inbasioa.

Alabaina, eritzi diferenteak azaldu zituzten Europako Ekonomi Elkartearen zabalkundeari buruz, politika nuklearraz, errejioei zor zaien autonomiaz eta bestez.